XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) zoroen berritzea antzematen baitzuten Amaliokeria horretan.

Ez zen hala gertatu, ordea, Udaletxeko plazara iritsi ginenean.

Bertan herriko jaun prestu batzuk tabernako atarian zeuden taldeka bilduta, honetaz eta hartaz mintzo nire aita haien artean.

Gure hasierako abarrots anarkikoak harritu baino ez zituen egin, baina Espainiako himnoari zakar eta baldarki ekin orduko harridurazko eta, zenbaiten kasuan, sinpatiazko begitarte horiek beztu egin ziren ziplo, eta betoskoa agertu zitzaien edalontzien barruan gordetzen zituzten begi lotsatuen sabaietara.

Amaliok jo beharrean arrantza eginarazten zion bere halamoduzko tronboiari; Rogeliok ezdenboran astintzen zituen bere txintxak;

Mariok ez zion bere piribi-piribi-ari kadentzia egokirik markatzen eta neuk, koittadu honek, aski nuen Amaliok emandako kriskitinen atzean ozta-ozta ezkutatzen nuen barreari eustearekin, aitaren begirada pozoitsua zama itzela baitzitzaidan nire haur-sorbalda makal horietan garraiatzeko.

Bueltako bidean formazioa desegin genuen, eta tresnak mututu ere bai, barrenetatik lehertu zitzaigun karkara ozena oztopo genuen-eta eskuak sabel eta hankatartera eramatea ez zen beste ezertarako.

Lipar batez bihotz beroa buru hotzari nagusitu zitzaion, eta barre algarekin bat egin nuen erabat, beste ezeri erreparatu gabe, mundua zen guztia une zoro horretan hasi eta bukatuko bailitzan.

Handik gutxira, ordea, bihotza hoztearekin batera, kolpeka sentitu nuen kontzientziaren atean aita kopetilunaren oroipena, ezin beltzago zetorrena, erauntsiaren iragarle diren hodeiak iduri.

Egin ere, gogotik egin baitzuen euria etxean, (...)